EMAKUMEAK IZARAPEAN

Proiektuaren interes nagusia, beharbada, gaia normalizatzea da, guztiontzat eta gutako bakoitzarentzat hain garrantzizkoa den gai honetaz mintzatzea: sexu bizitzaz eta gozamenaz.
Esan bezala, osasungarria eta atsegingarria iruditzen zaigu sexuaz hitz egitea eta ikuskizunean aireratzen diren esperientziekin ikus-entzuleak identifika daitezen ahalegintzea.

EMAKUMEAK IZARAPEAN umore apur batez egin nahi dugu, baina kontuan eduki nahi ditugu, orobat, larrutan gutxi… gaizki… erdi ipurdi… garai batean baino okerrago… edo nola gustatuko litzaigukeen ez dakigula egitearen eguneroko tragediak ere. Horrelako kezkaren bat dugunean, ezin izaten dugu barren-barrenetik arnasa hartu; bikotekidearekin eztabaidan hasten gara, beti zerbaiten faltan gauden sentsazioa dugu eta iruditzen zaigu bizitza beste aldean dagoela beti, pelikuletan edo auzokoaren ohean.

Ikuskizun honetatik irtetean, jendeak norbere baitara begiratzeko gogoa izatea gustatuko litzaiguke, bere gorputzari eta desirei buruzko gogoetan murgiltzea; sexu bizitzan berriro sinestea eta gozamen iturritzat edukitzea.

“Gizon bakarra ezagutu dut oheak nik baino maiteago zituena, eta berak kontatu zidan bere historia, urkatu baino astebete lehenago. Bere ohe zaharrarekiko sentitzen zuen maitasuna egundokoa zen, ederra, hunkigarria. Bertan ez zuen arrotzik onartzen. Gau batean, etxera  itzultzean, ezezagun bat aurkitu zuen bere ohean, eta hil egin zuen tiro batez.
Gero, aitortu zidan:
-Nire emaztea ohean egotea ez zitzaidan axola izan, azken batean, familiakoa da.
Baina tipo hura ez zen nire laguna”.
(“Oheak”, Groucho Marx)

 

 

 

EMAKUMEAK IZARAPEAN