Jose Antonio Portillok orain dela asko hasi zuen proiektua Belemeko Kultur Zentroak (Portugal) eskatuta –Europar Batasunaren finantzaketa ere badu egitasmoak–.
Horiek horrela, Portillok urteak daramatza Europako hainbat hiritako haurren laguntzarekin museoa sortzen; helburu horrekin, era guztietako objektuak gorde eta erreferentziatu dituzte. Horrenbestez, jakin badakigu objektu horiek benetan existitzen direla, eta Europan zehar barreiatuta daudela tokiko haurrek lurperatu ostean.
Haur horiek gustuko zituzten objektuak dira eta beste bizitza bat hasi dute betirako parke batean, lorategi batean, ikastetxe bateko jolastokian edota soro batean lurperatu ostean. Hori bai, aldez aurretik objektua non lurperatu duten jaso dute idatziz haurrek.
Ez hori bakarrik, non lurperatu duten erakusten duen plano txiki bat ere egin dute, eta objektuaren istorioa idatzi, gainerakoek ere esperientzia horren berri izan dezaten.
Gizarte maila erabat ezberdinetako haurrek, istorio eta lekukotza hunkigarriak, dibertigarriak, paradoxikoak, beldurgarriak... idatzi dituzte, baita, hainbat kasutan, poetikoak ere. Urtetan Portillok lekukotza horiek bildu eta haurren adina eta datuak dokumentatu ditu; horretarako, lurperatutako objektu bakoitzaren argazki edo marrazkia eta ezkutatzen duen istorioa jaso du. Kalandraka argitaletxeak, bestalde, artxibo handi horren lagin bat biltzen duen liburua argitaratu du. Artxibo izugarri hori da Denboraren Museoa izenarekin ezagutzen dugunaren corpusa da.
Tramankuluak ikuskizunean jolasak eta suspergarriak erabili genituen haurrak irakurketara eta literatur sorkuntzara hurbiltzeko, hau da, narrazioaren unibertsora hurbiltzeko.
Orain, aldiz, Denboraren Museoa ikuskizunean jolas bat proposatzen dugu haurrek denboraren joan-etorriaz hausnar dezaten. Horrela, memoriaren garrantzia azaleratu nahi dugu, gure bizitzako une jakinen oroitzapenak bizirik mantentzeak duen garrantzia nabarmenduz.
Ahalegin horretan, hainbatetan objektuek, melodia batek edo usain batek iraganeko denbora, gune, egoera edo pertsona jakin batzuengana nola eramaten gaituzten ikusiko dugu.
Ikuskizuna gauzatzeko orduan, Albena Teatre eta Tanttaka Teatroa konpainiek Patxo Telleriak prestatutako dramaturgia eszenikoaren aldeko apustua egin dugu; Tramankuluak errealitatean oinarritzen da dramaturgia eszeniko hori. Jakin beharrekoa da Denboraren Museoa benetan existitzen dela. Hau da, erreala da, museo oso berezia den arren; eguzkiaren argitik ezkutatuta dago, lur azpian.