Ipar haizearen kontraeleberri erromantiko epistolarraren generoa berreskuratu eta berritzen duen lana da. Horretarako, akzioa bikain kudeatzen du eta aldi berean literarioa eta lagunartekoa dirudien estilo zaindua erabiltzen du. Hala ere, horietatik aldentzen da teknologia berriek eskaintzen duten berehalakotasunari esker, eta umore, ironia eta lotsagabekeria pixka bat gehituz.
Obran, adiskidetasunaren eta maitasunaren arteko muga, sentimenduak itotzea, desleialtasuna, zeloak eta zoriontasuna bilatzea dira azaltzen diren gaietako batzuk. Halaber, kanpo itxuraren garrantzia, itxuraz “hotzak” eta “inpertsonalak” diren baliabide berriek pertsonen sentimenduetan duten leku nabarmenaz ere ari dira.
Emmi Rothener-ek LIKE aldizkariko harpidedun izateari utzi nahi dio. Hori dela eta, mezu bat bidaliko die argitaletxekoei. Okerreko helbidera bidaliko du, eta Leo Leikeren postontzira helduko da.
Otsailaren amaieran, Emmik aldizkaria jasotzen jarraitzen duenez, beste mezu elektroniko bat bidaliko du. Mezua berriro Leori helduko zaio. Emmik barkamena eskatuko dio eta hala, poliki-poliki sakontzen joango den harremana sortuko da eta elkarrenganako dependentzia handitu egingo da. Hasierako galde-erantzunak sozial eta intelektualak izango dira, baina aurrerago, galdera eta aitorpen intimo eta poetikoak bihurtuko dira.
Harremana sendotzen doan heinean, benetako topaketa batek izaera sentsuala duen harremana zapuztuko duen beldur dira bai Emmi, bai Leo. Obraren amaiera aldera, Emmiren senarrak emailak aurkituko ditu, eta Leori mezu bat bidaliko dio bere emaztea ikus dezala eskatuz, baina baldintza batekin: gau bakar baterako izan dadila. Senarrak ezin du aurkari birtual eta idealizatu batekin lehiatu.